Zuaznabar Haundi baserria

Zuaznabar Haundi baserria
 Eraikitako euskal ondasun nabarmena
Irudi gehiago
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Gipuzkoa
UdalerriaAltzo
Koordenatuak43°06′14″N 2°04′49″W / 43.10395°N 2.08028°W / 43.10395; -2.08028
Map
Historia eta erabilera
EraikuntzaXVI. mendea -
Ondarea
EJren ondarea9

Zuaznabar Haundi Altzoko baserri zaharra da, XVI. mendekoa, Ollaun mendiaren behealdeko muino batean kokatua.

2006ko martxoaren 7ean, Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna. 400 urte baino gehiago dituzten 13 metrorainoko habeak ditu barruan, ohiko ez zen eraikitze-egitura berezi bat osatzen dutenak.[1]

Ezaugarriak

Oinplano laukizuzena du, bi isurkiko estalki zurezkoa, zeinaren gailurra hego-ekialde orientazioa duen fatxada nagusiarekiko elkarzut baita. Bi solairu eta ganbara ditu eta bi etxebizitzatan banatuta dago.

Aparailua luzitutako eta zuritutako harlangaitzezkoa da eta zutabe-ardatzak bistan uzten ditu: eskantzuetan hiru, hego-ekialdeko fatxada nagusiko aurrealdean bost, eta ipar-mendebaldeko atzealdeko fatxadan hiru. Zurezko gainerako bilbadura luzituta eta zurituta dago. Fatxada nagusian aipatzekoak dira behe-solairutik gora teilatuperaino datozen bost zutabe-ardatzak eta bi eskantzuak. Fatxada honen erdialdean eranskin bat dago itsatsita. Behe-solairuan lau balkoi kareldun ditu, eta barrura sartzeko ate bat. Lehen solairuan, zurezko bastidoreak dituzten sei leihoko ardatza. Pinoiak zurezko oholtza dauka. Ipar-ekialdeko fatxadak eranskin bat dauka itsatsita hegoaldean, sarrera-ate txiki bat erdialdean eta beste txiki bat iparraldeari itsatsita. Hego-mendebaldeko fatxadak sarrera-ate bat du, harrizko bost eskailera-maila erdizirkularren bidez iristen dena. Estalkipean bi bao txiki daude. Ipar-mendebaldeko fatxadak hiru zutabe-ardatz eta zurezko eskantzu bat ditu, bai eta bi leiho-bao iparralde-erdian; hegoalde-erdia jatorrizko eraikinaren luzakina da, aldi berean lastategi zahar bat erantsita daukana.

Ekialdeko fatxada.

Ipar-ekialdeko, hego-mendebaldeko eta ipar-mendebaldeko fatxadetako eranskinak ez dira monumentuan sartzen.

Egitura

Eraikinaren egitura atal bakarreko zutabe-ardatzek eta lau pilarek osatzen zuten, XVI. mendeko habe-dolareari zegozkionak. Gaur egun, jatorrizko zurezko atal bakarreko 24 zutabeetarik 21 geratzen dira, falta diren hirurak desagertu baitziren eraikinaren ipar-mendebaldean eranskina egin zenean. Zutabeok bermatzen dituzte habe luze, beso eta buruz (batzuk tailatuak) egindako bilbadura eta gapirio luzez egindako teilatutzarra. Harriz eta adreiluz egindako trenkada xume batek bereizten ditu bi etxebizitzak. Sukaldeek eta etxebizitzek baserriaren hego-ekialdearen herena hartzen dute, behe-solairuan eta lehenengoan.

  • Ganbarako zutabea.
    Ganbarako zutabea.
  • Habe nagusi baten oineko harria (oinarria).
    Habe nagusi baten oineko harria (oinarria).
  • Habeak eta zutabeen arteko egitura ganbaran 400 urte eta gero.
    Habeak eta zutabeen arteko egitura ganbaran 400 urte eta gero.
  • 400 urte dituen 13 metroko habea ganbaran.
    400 urte dituen 13 metroko habea ganbaran.


Erreferentziak

  1. [https://www.euskadi.eus/y22-bopv/eu/bopv2/datos/2006/04/0601782e.shtml «Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria - EHAA/BOPV. AGINDUA, 2006ko martxoaren 7koa, Kultura sailburuarena, Altzoko (Gipuzkoa) Zuaznabar Haundi baserria, Kultura Ondasun gisa, Monumentu izendapenaz Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko dena.»] www.euskadi.eus (EHAA/BOPV) (Noiz kontsultatua: 2019-09-06).
  • Edukiaren zati bat monumentu hau sailkatutako kultura-ondasun izendatzen duen lege testutik hartu da. Izan ere, testua jabari publikokoa da eta ez du jabetza intelektualik, Espainiako Jabetza Intelektualaren Legeko 13. artikuluan xedatu denez (Espainiako Aldizkari Ofiziala, 97. zenbakia, 1996-04-22).

Kanpo estekak

  • Kultura Ondasun izendapena EHAAn[Betiko hautsitako esteka]
Autoritate kontrola
  • Wikimedia proiektuak
  • Wd Datuak: Q8342011
  • Commonscat Multimedia: Zuaznabar Haundi baserria / Q8342011

  • Wd Datuak: Q8342011
  • Commonscat Multimedia: Zuaznabar Haundi baserria / Q8342011